IÑAKIREN AGURRA

2022/11/08

Kaixo familiak,

Urriaren 20an oso albiste txarra izan genuen eskolan. Gure irakasle eta lagun Iñaki Etxepetelekuk betiko uzten gintuela esan ziguten. Oso tristea izan zen hezkuntza-komunitate osoarentzat, bere heriotzagatik sufritu genuen, eta pena handia hartu genuen haren familiagatik eta hurbileko pertsonengatik baita.

Iñaki ezagutzen genuen guztiok dakigu zein pertsona ona eta alaia zen. Bere lankideak eta ikasleak animatzen eta laguntzen saiatzen zen beti, munduko "ekipo" onenaren parte senti zitezen. Naturarekiko, musikarekiko eta kirolarekiko zuen maitasunaz ere bagenekien.

Horregatik guztiagatik , agur esan nahi izan genion ikasle, irakasle eta familiekin. Urriaren 28an, ostirala, partaide guztiok ikastetxe berria eraikiko den zelaian elkartu ginen. Denok biribilean, Mikel Laboaren Txoria txori abestu genion. Jarraian, zuhaitz bat landatu genuen bere omenez, eta lorez apaindu genuen. Mezu ederrak idatzita zeuden, ikasle batzuek zuhaitzean lurperatu nahi izan zituzten, eta besteek puxiketan airera bidali nahi izan zituzten. Amaitzeko, puxikak askatu genituen Anestesia taldearen "Agur" abestia entzun genuen bitartean, bere talde gogokoenetako bat baitzen. Agur hunkigarria eta ikaragarria izan zen.

Zure falta sumatuko dugu eta beti gure bihotzetan egongo zara!